II. Ekitaldia

Itaun bategaz hasi gura dot gaurko ekitalditxo hau:

Zelan geratu zinien aurreko ekitaldiaren ondoren? (Sortu jatzuen kezkarik edo itauntzeko gogorik, ezbairik edo amorrurik…?)

 

Nondik gatoz?

Hartu eizue gogoan gure inguruan asko aldatu dirala gauzak ez-eze, geure pentsakerea ere bai, eta guztion gogo-mundua ere bai; eta —zer esanik ere ez— erlijinoaganako jarrerea ere bai.

Gure umearoan —txikiak ginanean— ez gendun nagusiak agindutakorik edo usterik edo pentsakerarik eztabaidatzen; onartu egiten genduzan edo, negarrez, gatxetsi (kondenau, baztertu). Baina eztabaidatu…, inondik inora ere ez. Bai zera! Gaur, ostera, bai!

Eleizan berton ere —gu geu ausartzen ez bagara be— bai ikusten dogula egiten dabela beste batzuk, edo ez-entzun egiten dabela, edo bereaz jarraitzen dauala batek baino gehiagok…

Danok bardin-edo jokatzetik (itxura baten behintzat) bakotxak bereaz urtetera igaro gara, eta ez dogu gura izaten inor sartu daiten norberaren eretxi, aukera, erabagi edo barru-mundura.

 

Kolpe handia sinismenarentzat

Lehengo aldietan, berez be baginan alkartekoagoak; sarritan entzuten gendun «ea, danok!»... Gaur egun gero eta bakanagoak gara, eta ez dogu onartzen talde bateko egin gaiezanik (Athleticekoa izan ezik); gitxik agertu gura izaten dau talderen bateko lez markatua izatea. Ezkutuko bizitza dogu gogoko.

Eta guzti hori kristautasunak bilatzen eta helburu lez daukan alkartea eta misiolari izatearen aurka doa zuzen-zuzenean.

Gura ez bada eskizofrenian bizi izan, guzti horren jakitun jartzeaz gain, hezkuntza (edo formazino) apur bat baino gehiago behar da.

Lehengo aldietan, «hori amari esan», edo «hori maisuari, abadeari…, edo dana-dalakoari itaundu» entzuten gendun (Doctores tiene la santa madre Iglesia que os sabrán responder). Baina gaur egun ezin da holakorik esan. Eta, erantzuten ez badakizu, isildu egiten zara, ez dozu gaia mahairatzen eta, lotsaz edo bildurrez, alde batera baztertzen dozu zeure burua.

 

Kolpea… aukerea

Kolpe handi hau, aukera ere izan daiteke, ume-sinismena izan daitekeanetik, sinismen heldura, edo helduaren sinismenera, igarotzeko.

Eta hauxe da egin geiken galderea: hau da nik gura dodana?

Hau da: ume-sinismen ikusten dot nirea? Haren barri emoten ez dakit; poztasunik ez deust emoten; nondik oratu ere ez dakit; entzuten dodazanak ez jataz geratzen buruan; egiten edo esaten dodazan gauza asko eta askoren zergaitia ez dakit… Eta egoera horreetatik urten gura izango neuke?

Ba…

 

Urratsak emoten

Lehenengo ta behin, bildurrak alde batera laga eta begiak, adimena eta bihotza zabaldu, arretaz jarrita.

Baina baita hauxe be: kontuan hartu, gure hizkerea (berbak, esaldiak, erak, irudiak…) mugatuak eta nahikoa laburrak dirala, eta horrek geuretik zeozertxo baino gehiago ipintea eskatzen deuskula. (Atzamarrak iragarri gura deuskunera geuk zuzendu behar dogula begiradea, atzamarrean gelditu barik).

Eta, geurera etorrita, erelijinoak (gure kasuan sinismenak, Jesus onartzeak) gure geuretasuna edo nortasuna (bakotxaren barruko "geu-a") jarten dauala jokoan.

Ez dogu, ba, kanpotiko ezer (sariren bat-edo) eskuratu gura, edo zigorren bat saihestu gura, geure burua ezagutu baino, eta geure izakerearen osotasunerantza abiatu, gu geuago izatea bilatzen dogu, eta menpe gaukezan lotura ugarietatik aske gelditu.

Eredu Jesus dogu, gizon aske eta zoriontsu lez ezagutzen dogu-eta. Hauxe dogu pertsona (gizon edo emakume) eredu.

Hauxe garatu gura dogu Ebanjelioaren eskutik, merezi dauala uste dogulako.

 

iruzkinik ez: