Aldi Nagusiak

Jaunaren Aurkezpena

eta Aldi Nagusiak

Sarrera lez

    Ekitaldi honetan Aldi Nagusi biri ekingo deutsagu, euretan agertzen diran jaiei eta eleizkizunei erreparatzeko.

    Esku-eskura daukagu bat, urtero ospatzen dan Otsailaren 2an, Jaunaren Aurkezpena. Jai honek domekearen gaineko indarra dau Liturgian. Hau da: domekeari dagokion liturgia ospatu beharrekoan, jai honi beroni dagokiona ospatzen da.

    Eleizkizunean kandelak bedeinkatzeko ohiturea dabe gure eleiztarrek. Batek baino gehiagok hainbat bider bedeinkatutako kandelea ekarriko dabe barriro bedeinkatzera. Aurreko bedeinkazinoak balio bakoak izan ete dira? Edo kandela bedeinkatu hori ez da ezertarako erabili? Eta galdera gehiago ere egin daitekez, gure sinismena siniskeriatik askatu gura izan ezkero.

    Baina horretarako hausnartu egin behar da; hausnartzeko, gaia euki behar da, eta hausnarketeak egin leigun behartzeari bildurrik ez jako izan behar; alderantziz, desiatu baino. Eta, gehienetan ondotxo egoten gara, ba, geure ohituretan, hainbeste zalantzaren artean izaten bada ere. Ausardia behar da ondo menperatuta daukagunari —eta gehiengo baten eretxia danari— astinalditxo bat emtoeko.

 

JAUNAREN AURKEZPENA

    Jaunaren aurkezpenean Liturgiak irudi interesgarriak jarten deuskuz: Ingurua Jauretxea da (Tenplua), eta, ohitureari jarraiki, Legea betetearren agertzen dira han umeagaz Jose eta Maria. Pobreei egokien eskeintza egiten dabe, eta atso-agure bik dihardue hareen inguruan: Simeonek besoetan hartzen dau eta otoitz egiten. Umeari buruz dinozanak gogotan hartzekoak dira. Eta ezaugarri dan emakume zahar, alarguna: Ana, Jainkoaren herriaren irudi. Hasieran Jainkoarekin bat eginda (7 urte ezkonduta) eta 84 urtera arte alargun (Jainkoari lepo emonda). Emakume profeta lez agertzen da, eta baraua eta otoitza ditu bere izaera. Haren jatorria aitatzen jaku eta Tenpluari lotua bizi dala. Izan daiteke, ba, emakumea Tenpluko zerbitzari, profeta eta barauaren eta otoitzaren ministeritzaduna.

    Bai Simeon eta bai Ana Itun Zaharraren ezaugarri izanik, Barriari harrera on egiten deutsen zintzoen ezaugarri dira, eta Barriak aurkituko dauzan eragozpenen iragarle.

    Liturgia, bizitza elikatzeko eta aldatzeko leku lez bilatzen danean, ezin da itzi galtzen holango egunak eta irudi-ereduak. Geuri dagokigu —Liturgia zerbitzarioi— horren iragarpena egitea.

    Tamalez, kandelak bedeinkatzean gelditzen gara horren esanguraz jabetu barik.

    Jai honetan topo egiten dabe Itun Zaharrak eta Itun Barriak. Hau Legea betetetik hasten da, baina —gero ikusiko dogunez— Legea bere betera eroateko asmoagaz azalduko da. Legeari loturik bizi dira, baina barrikuntza itxaropenaz, Simeon eta Ana atso-aguretxoak, herriko zintzo eta lege-betetzaileen ezaugarri. Eurek egingo deutsoe harrerea eta emongo dabe ezagutzera pozaren-pozez gainezka.

    Honeek agertzen daben itxaropena argiaz lotzen dabe, eta otoitzaz eta barauaz; eta Jainkoaren Berbea barrena argitan jarten dauan  aho biko ezpata sarkor lez aurkezten dabe. Eta hona galderea: nahi dot, nahi dogu, nahi dabe gure eleiztarrek, barrena Jainkoaren Berbearen argitara jarri, eta halan bizi izan?

    Horixe iragarri behar izango leuke bedeinkatzen dan kandeleak. Eleizkizunean otoitzak, Jainkoaren Hitza hausnartzeak eta Jaunaren bila abiatzeak hartu behar izango leuke garrantzia, eta horren gogoramen eroango geuke han biztu-bedeinkatutako argia (kandelea), gero geure isileko otoitzean-eta biztuko geukeana.

    Eleizkizun hau egiteko ez dago abadearen beharrik. Sinistun alkartea da Jaunari itxaroten deutsona, harrerea egiten, haren Berbea entzuten eta Jainkoa bedeinkatzen.

 

GARIZUMEA

    Hasteko, esan daigun Garizumeak ez daukala gure artean entzute onik. Bertan behera laga diran hainbat debozino-jarduerez lotzen da, eta desitxuratuta agertzen jaku: baraua, penitentzia, bulak, autortzak, misinoak eta euretako orroak eta bildurrak eta infernuazko zemaiak…

    Horren ganetik esan behar da Garizumea Pazkoarako prestakuntza sasoia dala. Ez da Bariku Santuko penetan amaitzen, Pazko Eguneko berbizkundearen pozean baino.

    Aldi honetan berebiziko garrantzia dau Jainkoaren Berbeak. Aparteko txeraz dagoz aukeratuta liturgiako irakurgaiak. Jainkoaren handitasuna errukitzean eta parkatzean gauzatzen dala eta, haretara apaltasunez eta damuz hurreraturik, salbazinoaren barria bizi izateko aukerea emoten dauala gogoratzen deuskue.

    Hauts egunean egiten jaku aurkezpena, eta egiten jaku dei debozino hiru jardueratara: baraua, limosna eta otoitza.

    Penagarria da debozino-jarduerok euren esanguratik atara izana; eta hautsa ezartzeari, ez daukan esangurea eta garrantzia emoten deutsola jende mordoak. Hautsak markatu egin behar izango gindukez pertsona neurritsu lez (baraua), laguntzaile edo aberastasunetatik aske lez (limosna), eta uste osoa Jainkoagan jarritako gizaki lez (otoitza). Baina ez da erabilten hautsa horretarako, aparteko indarra edo esangurea baleuko lez baino. Liturgiaren ospakizunera ez-eze, otoitzera edo baraura ere joko ez daben asko agertzen (izan) dira (sarritan eurekaz umea(k) ere ekarriz) hautsaren ezarketara. Zergaitik ete?

 

Hurratsak

    Garizumaldiko Liturgia ederrak sarrera lez daukaz domeka bi. Urtero gogoratzen dira Jesus Jaunaren 40 eguneko baraua eta basamortuko tentaldiak. Gero, hurrengo hiru domekak Katekesi Nagusia dira (argi agertzen da "A" ereduan. Eredu guztietan erabili daitekez "A" ereduko irakurgaiok, eta, sarritan, erabiltea komeni ere bai).

    Lehenengo Katekesia URArena da. Bateoa gogoratzen deusku, eta haretara prestatzen (edo agintzariak barriztatzera. Pazko Gauean gauzatzen da hori). Emakume Samariarraren ebanjelioa da egun horretakoa.

    Bigarrena, ARGIArena. Sinismenagaz dago lotua: harexek emoten deusku bizitzarako benetako ikusmena. Jaiotzatik itsua danaren ebanjelioa da erabilten dana.

    Eta hirugarren katekesia BIZIArena da: Berbiztuaren bizitzarako prestatzen gaitu, Jainkoaren seme-alaben argitasunean eta askatasunean bizi izateko. Lazaroren berbizitzaratzea iragarten dau ebanjelioak

    Garizuma aldiko 40 egunak daukaguz guzti hori hausnartzeko eta norberetzeko. Nahi badogu berbiztuen bizikerea, aintzat hartuko doguz garizumako debozino-jarduerak: baraua, limosna eta otoitza. Holan ez bada, ez deusku ardura izango desitxuratzeak eta gitxiesteak…

    Sarrerako domeka bien eta Katekesi Nagusiko hiru domeken ondoren, Erramu domekeaz, Aste Santuan sartzen gara. Hortxe aurkitzen doguz gure sinismeneko misterioak apartekotasunez bizi izateko liturgia egunak: Eguen Santua, Bariku Santua eta Zapatu Santuko Pazko Gaua.

    Eguenean Jaunaren Afariko Mezea ospatzen da. Gure eleizbarrutian, ohitureari jarraituz, goizeko 11tan «Krisma Meza» deritxona ospatzen da Katedralean. Abade guztiak gagoz hara deituak. Meza horretan abadeek euren abadetza-agintzariak barriztatzen dabez, bedeinkatzen-sagaratzen dabez orioak (gaixoentzakoa, katekumenoentzakoa eta Sendotza-Abadetzarakoa), eta gogoratzen da Jaunaren maitasun agindua.

    Garizuma guztian zehar erabili dan margoa ubela (morea) izan bada, egun honetan zuria erabilten da, eta gomendatzen dan apainduria "argia" da (lorak barik, kandelak ugaritu behar izango lirateke). Liturgia honetako Aintzaz kanpaiak isildu egiten dira Pazko Gaueko Aintzara arte. Aintza biotan txilinak erabili daitekez.

    Bariku Santuz Kurutzea da erdiko ezaugarria eta Nekaldiaren (Pasinoaren) irakurketea. Jesus Jaunaren Kurutzeko aintza gogoratzen eta ospatzen dogu; kurutzea gurtzen eta biztuerea itxaroten.

    Egun honetan ez da mezarik ospatzen, eta duintasun osoz ospatu daike eleiz alkarteak abadearen beharrik barik eleizkizuna.

    Egun honetan dago aginduta —hauts egunerako lez— baraua eta haragi iztea. Ezaugarri esanguratsuak dira, eta halantxe harturik dabe garrantzia.

    Zapatu Santua egun hutsa da, isiltasunerako eguna, itxarotera bultzatzen gaituana…, Pazko poza ospatzera garoazana.

    Pazko Gaueko Liturgia da misterio guztiok batera batuz ospatzen dauan osperik handieneko Liturgia. Baina, tamalez, oraindino ez dau bere lekua egin gure leiz alkarteetako ohituretan. Inoiz egingo ete dau?

    Suaren Liturgiaz hasten da. Sua bedeinkatu ondoren, Berbiztuaren ezaugarri lez pazkoaldi guztian lagunduko deuskun Pazko Zuzia bedeinkatzen da, eta harexetan bizten dabez euren kandelatxoak sinistunek, Berbiztuaren biziera barrian esku hartzen dabela iragarriz.

    Ilunpetan dagoan eleizan sartzen gara, kandelak bizturik eroanez, ilunpetan eta hilik dagoan mundua argitzen eta bizibarritzen dauana Kristo berbiztua dala aditzera emonez.

    Kristoren biztuerea iragarriz (Pregoia edo Pazko Deia), Hitzaren Liturgiari emoten jako esku. Astitsu ibili ezkero (hau da, inoiz ere ez; penagarria!) GURE Salbazinoaren Historiaren errepasoa hartuko geuke, euren salmo eta otoitzez ornidutako 7 irakurgai Itun Zaharrekoren, Epistolearen eta Ebanjelioaren eskutik. Tamalez, honetara ere ez gara egin; egin behar dalako lez-edo egiten dogu, eta ez dogu Liturgia honek emon leiguna eskuratzen.

    Ondoren URAren Liturgia dator, Bateoa gogoratuz, agintzariak barriztatzen doguz eta, ondoren, Eukaristiaren Liturgian sartzen gara. Honen amaiereak Biztuerea iragartera bialduko gaitu eta hori domekero barriztatzera Eukaristian.

 

Praktikoak

    Garizumaldian ez da lora-apaingarririk erabili behar; neurritasunak izan behar dau nagusi, apaltasunak, isiltasunak. Liturgian ez da Aintzarik erabiliko ez eta Aleluiarik ere. Jantzi-margoa ubela (morea) izango da; eta leku batzutan Aita Gurea ez da abesten… Pazko Gauean egin arte.

    Eguen Santuz, jantzi-margoa zuria da; lora gitxi batzuk erabili daitekez apaingarri, eta argia ugari; eta txilinak erabili daitekez Aintza abestean eta isildu egingo dira kanpaiak Pazko Gaueko Aintzara arte, eta intzentzua erabiltea eskatzen da. Gure Jauna "gorde-lekura" eroaten da Eukaristiaren amaieran eta Sagrarioak hutsik egon behar dau hasieratik, atea zabalik. Amaieran, eukaristia-mahaia biluztu egiten da; Bariku Santuko hirugarren zatirako jantziko da.

    Bariku Santuz, Jaunaren Nekaldiaren ospakizunerako jantzi margoa gorria da. Eleizkizun aberats honen erdian Kurutzearen harrerea eta gurtzea egiten da; ondoren, jaunartzera gonbidatzen da eta bedeinkapen barik, bialketa otoitzaz amaitzen da, isiltasunera gonbidatuz eleiztarra.

    Pazko Gautik eta Pentekoste egunera arte zuria izango da jantzi-margoa, eta Pazko-Zuzia biztuko da meza guztietan hasieratik. Pentekoste egunez gorria erabiliko da eta Pazko Zuzia amatauko.

 

 

 

iruzkinik ez: