Liturgia laguntzaileentzat

GURE ELEIZ ALKARTEAK ADORETZEN

 

Sarreratxoa

    Eleiz alkarteak adoretzeko, bizibarritzeko eta erakargarri bihurtzeko arduratan gagoz.

    Danoi dagokigu Liturgia aintzat hartzea eta, horretarako, gure Mezak eta Ospakizunak, eta eleizkizun guztiak, aztertzea eta hobetzeko ekarpenak egitea.

    OSPAKIZUNAK bultzatzeko edo adoretzeko enkargua jaso dot gure Koordinatzaileagandik, eta bildur apur bategaz aurkezten deutsuet hausnarketatxo hau; eta, adoretzen bazaituet, noizbehinkako TOPAKETETARA egingo neuskizue dei.

    Bildurtxoa aitatu dot. Eta honexegaitik: nitaz irudi bat eginda daukazuelako, gehienbat. Eta ez da guzurrezkoa; egiazkoa da. Baina halan ere, hobetzen joateko ibilbidea eta lana egin gura dauanarentzat akulu izan gura dot. Hortxe dago, ba, nire bildurra: zenbat ospatzailek nahi izango zeukeen hartu nire akulukadak.

 

Abadearen errua

    Ospatzaileak deslai egon zeintekeze, zeuen lana zelan-halan beteten, borondaterik onenaz, baina argitasun handi barik, eta ziurtasunik ezaz.

    Kandelatxo hori amatatu ez daiten, abadeok ez zaituegu zeuen pentsura laga behar. Laguntza emoteko prest gagozala autortu eta zin egin behar deutsuegu, eta laguntza hartzeko eta eskatzeko prest zagozela jakinazo behar deuskuzue.

    Bestela, bata besteagaitik… ilunpeetara goaz, heriotzara.

 

Salakuntza ez, baieztapena

    Hemendik aurrerakoa ez da salakuntza bat, baieztapen bat baino. Bakotxak hartu daiala, ba, berari dagokion neurrian eta haritik.

 

OSPATZAILEA

    Eleiz alkartearen dinamizatzaile da, Jainkoaren Hitzaren zerbitzari izatetik.

    Ez da abadearen suplentea: ha ez dagoalako, eta ez dagoanean, zeozer egingo dauana. Danok eta bakotxa —gogoratzen deutse eleiztarrei— Jainkoaren Berbearen iragarle garala.

    Hareek aintzat hartu behar dabe eta eskertu ospatzailearen zerbitzua; eta, beste honek —ospatzaileak— ahalik eta argi eta garbien helduazo behar deutso Jainkoaren Hitza.

    Aparteko zeregina dabe, ba,  bai eleiz alkarteak eta baita ospatzaileak ere.

    Norberetuta dago, azaletik behintzat badakigun arlo hau?

 

bere zeregina bete ahal izateko

    —Prest egon behar izango leuke egin leikeozan zuzenketa oharrak onartzeko eta bideratzeko. Ez leuke erantzun behar «zeuk hobeto egin zeikela uste badozu, hartu neure lekua eta ni etxera joango naz».

    Behartuta legoken baten erantzuna litzateke hori, eta ulergarria. Baina ez da bokazinodunarena.

    Hementxe lehenengo ziria: bokazinoz eskuratu dogu eta garatzen zerbitzu hau?

 

    —Darabilgun hizkuntzan (Euskeran), geurea izan arren, ez jakinak gara (gehienbat, ez danok). Eta autortu beharra daukagu.

    Horrek, testua lantzea eskatzen deusku: berba ezezagunak azpimarratzea, behin eta barriro esatea; ia-ia urkultzea eskatzen deusku. Eta, luzarora barik, bere frutua emongo dau lan horrek. Hori egiten ez bada, handik urteetara ere lehenengo egunean lez egoteko arriskua dogu. Eta… ulertuta euki behar da, ulertzera emon gura dana.

    Hartu kontuan: gure asanbladak gu baino ezjakinagoak dira (gehienbat): irakurten jakena ulertzea gatx egiten jake; entzumena gitxituta dauke; aretoaren akustika ez da hain zolia; ardura handiegirik ere ez da jarten… Eta traba guztion gainetik nahi dogu heldu dakiela Jainkoaren berbea, eta honen gozoa hartu daiela.

Honek zer eskatzen dauan?

    Gauza batzuk geuri dagokiguz (ez danak!):

    —ulertu ez dodana aurretiaz galdetzea, argitzea;

    —astiro irakurtea;

    —berbak ondo bereiztea ta zatitzea;

    —lasaitasunez, geldialditxoak egitea;

    —abots modulazinoaz laguntzea (deklamatu, ez irakurri ahalbait arinen amaitzeko eran);

    —amaitzeko prisarik ez izan…

    —Hizkuntzari laguntzeko, eta irakurtea errezteko, Deklinabide eta Aditzaren arau batzuk ezagutzea eta lantzea (emoiozu gaur egun honetako ogia…).

   

Kantua

    Kantuak bere lekua dauka Liturgian. Han egiten doguna jai-girora jasoten eta ederresten lagundu behar deusku. Danok ez dogu balio abesteko. Baina ezin daiteke abesti barik laga eleizkizuna.

    Abestiak ez dira hutsuneak beteteko sartzen doguzan larakoak. Ondo erabili ezkero, ze alditan gagozan iragarri leikigue eta haretara egokitu geinkeez.

    Ez litzateke, ba, onena, eleiztarrek abesti bat ez dakiela-ta, beste edozein polit bat abestea. Ikasi ahal izateko urratsak emon behar izango lirateke.

    Kantuen bidez, eleiztarrek euren burua Aldi Nagusietan kokatua ikusi behar izango leukee: Abendu-Gabonetan, Garizuman, Pazkoan, Urtean Zeharrean…

 

Salmoa

    Emoten jakon baino nortasun handiagoa hartu behar izango leuke Salmoak.

    Jainkoaren hitza da. Guk otoitz egin ahal izateko Jainkoak berak emoten deuskuzan berbak dira.

    Geure betiko otoitz eta arduretatik atara geinkeez, eta egoera-izaera zabalago batera eroan.

    Ez da, ba, unetxo bat zelan edo halan betetea.

    Garrantzi bako gauzatzat daukagula aditzera emotea saihestu beharra daukagu.

    Haretaz gozatzera eroan behar dogu eleiztarra. Otoitz egiten ikasiko leuke (geuke), ikasi gura dauanak.


 

OSPAKIZUN ZUZENDARIEI

ZUZENDUA

 Nire abade-lagunek ea ospatzaileen munduari eraginen bat emon neion dinoste. Nire prestutasuna agertu deutset: prest nago ospatzaileei laguntzeko ahal dodanean.

Hori dala-eta, neure kabuzko datoak hartzen hasi naz, eta hona hemen batzuk:

1.  Ospakizun Zuzendari batzuk urteetan dihardue lan horretan.

2.  Hasiera baten egon zan kopurua asko murriztu da.

3.  Hasiera haretako kontzientzia eta alkartasuna gaur egun ez da agertzen.

4.  Eleiztarrek oraindino ez dabe baloratzen Ospakizunak eta ospakizun-zuzendari taldeak dauan garrantzia.

5.  Badagoz behartuta balegoz lez garatzen dabenak euren eginkizuna edo zerbitzu hori.

6.  Askorengan nekea, ez-jakina edo ziurtasunik eza ere sumatu dot.

7.  Euskerazko txostenak astitsu zabaltzen badira ere, elebitazkoak ez dakit egiten diran (neure ez-jakina autortu behar dot hemen).

8.  Laguntzen ez jakelako-edo, bere horrexetan dirau… gero eta makalago.

9.  Onartuko al dabe Ospakizun Zuzendariek nire aldetiko laguntza?

a)  Ospakizunen Liburua

    Zenbateraino dogu erabilgarria?

b) Ospakizunak —halan aginduta egon arren— Eukaristiaren taupadeari jarraitu behar deutso?

    Prest gengokez aldatzeko edo egokitzeko? Ze taupadatan egingo geukez?

c) Badau kantuak bere lekua Ospakizunean?

    Barriak ikasteko, edo egin behar izango liratekenak egiteko erarik ikusten da?

    Zuzendaria ez dala-eta abesteko gauza, abestiari ez jako bere garrantzirik emoten?

d) Pentsatu beharra legokela —uste dot— eleiztarra Ospakizunaren garrantziaz jabetzera zelan heldu daiteken…

    —Alkartearen garrantzia;

    —Zerbitzarien prestutasuna eta lana;

    —eleiz alkarte osoaren ardurea;

    —ihes egitearen kaltea;

    —e.a.

e)  Izan ete daitekez Ospakizunak eurak alkarte kontzientziaren eragile?

f)  Prest gagoz errekadista izatetik arduratsu izatera aldatu eta halan jokatzeko?

 

 

LITURGIAKO ALDI NAGUSIAK

    Apur bat jakiteak ziurtasuna eta kokapena emon leiguzala uste dot. Lagungarri izan leikigu ze alditan gagozan jakitea, egingo dogun eleizkizuna girotzeko, kantuak aukeratzean batez ere.

    Hona hemen, ba, Liturgiako Aldiak:

 

1   ABENDUA

    Jaiotza eguna baino 4 domeka arinago hasten da. Eta izan daiteke Zemendiaren azken domekan edo Gabonilaren 1. domekan. "Aro" edo "Ziklo" barriari emoten jako hasierea. Hurrengoa, ba, «C» izango da. Aurten Gabonilaren 1 izango da. Aro honetan Lukasen ebanjelioa izaten dogu lagun.

    Jantzi-margoa: ubela (morea, lila).

    Ez dago lora-apaingarririk. Horri orlegiak eta orbelak erabili daitekez. Ez da abesten Aintzarik.

    Ezaugarri lez "abenduko koroia" erabilten da: han lau kandela, domeka bakotxean bana biztuko da. Nire ustez, goikoa lehenengo, goitik datorrena itxaroten dogula ezaugarritzeko.

    Hurrengo abestiak erabili geikez:

    Sarreran: «Zatoz, Jauna, gaur zai duzu mundua».

    Edo: Jaun ona, mundua salbatzera; Zatoz, Jaun maitalea; 3. domekan eta 4.ean:  Kanta daigun guztiok, Hor Argia (Nabucco).

    Koroiko kandelea iziotzerakoan: Jagi zaitez, Jerusalem.

    Domeka bakotxean berari dagokion Antifona, edo, bestela, «Salbatzailea, zatoz lehenbaitlehen…»

    Jaunartzean: «Bakea ta Justizia».

    Amaieran: «Kanta daigun guztiok bihotza betean»

    Tartean Maria Sortzez Garbia ospatzen dogu. Egun honetan jantzi zuria erabilten da, Aintza abesten da, loraren bat jarten da apaingarri, eta "koroiko" kandela bakarra biztuta dago.

    Kantuak: «Ama zara ta Birjina», «Agur, Jainkoaren»,  «Gora ta gora daukat bihotza», »Goratu dagigun ama Maria».

    Laugarren domekea Caritasen domekea izaten da.

 

2   GABON ALDIA

    Aldi laburra dogu. Honeexek dira jaiak:

    12/25 Jaiotza; Hurrengo Domekea: Nazareteko Familia; Urte Barri; 2. domekea (ez dago beti); Epifania (Agerkunde, Erregen); eta, amaitzeko, Jaunaren Bateoa. Honegaz, Urtean Zeharreko aldia hasten da; hurrengoa Urtean Zeharreko 2. domeka lez ospatzen da.

    Gabon aldi honetan jantzi zuria erabilten da, lore-apaindurak ere bai, eta Aintza abesten da.

    Hurrengo abestiak erabili daitekez:

    Aspaldian urrunean; Gora, gora hots-egin; Kanta dagigun danok…, Jesus jaio da eta; Aintza (Handi ta eder zaitugulako). Jaunartzean: Gau erdian Zu zara. Umeari mosu emokeran: Zatoze, kristauak. Eta azkenean: Agur, Maria Belemgo.

 

3   Urtean Zehar, 2. domekatik hasita. Jantzi-margoa orlegia.

    4-8 domeka izaten dira, Hauts-egunera arte.

 

4   Garizuma aldia: jantzi-margoa ubela (morea, lila).

    5 domeka. Irakurgaiak «A» eredukoak erabili daitekez.

    Erramu domekeaz Aste Santua hasten da: egun bereziak dira Eguena eta Barikua. Zapatua, Pazko Gaua ospatzekoa.

    Aldi honetan ez dago lore-apaindurarik; ez dago ez Aintzarik ez-eta Aleluiarik ere. «Aita Gurea» abestu barik egin daiteke; eta organoa… tonoa hartzeko baino ez. Baina…

 

5   Pazko Aldia: jantzi-margoa zuria. Aintza eta Aleluia abesten dira; eta lore-apaindurak ugari.

    Pazkoaldikoak 6 domeka dira (6.a gaixoaren pazkoa).

    7.ean Jaunaren Zeruratzea (Igokundea) ospatzen da.

    8.ean Pentekoste. Hementxe amaitzen da pazko aldia.

    Hurrengo domeka bietan Hirutasuna eta Jaunaren Gorputz-Odolak (Korpuzti) ospatzen dira, baina urtean zeharreko aldi barruan.

 

6   Urtean Zeharreko aldiari jarraipena emoten jako. Jantzi-margoa orlegia (berdea).

    34. domekan Kristo Errege ospatzen da. Hau Jaiotza egunaren aurreko 5. domekea da. Zemendiaren azken domeka izan daiteke, edo Gabonilaren 1.a. Egun honetan jantzi zuria.

 

    Eta orain gauza teoriko-praktiko batzuk.

1   Nahikoa ziurtasunik eta lasaitasunik daukagu gure zerbitzuan? Ezerk emon leigu ziurtasun eta lasaitasun handiagorik? (Eb.: hobeto irakurteak, kantuak entonatzeak…).

2   Hartu geike laguntzarik irakurketa hoberako edo abestiak entonatzeko?

3   Izango ginateke gauza proposatzen diran abestiak, dagokien egunean, abesteko edo —ahal dan lekuan— abesti saio bat egiteko? Zer behar izango geuke?

4   Emon dogu urratsik Jainkoaren Berbearen norberetzean, jabetzan, eta hobeto iragarten dogula somatzen dogu?

5   Zenbat gengokez prest, Hitzaren inguruan hausnarketa eginez, Homilia alkarregaz prestatzeko?


iruzkinik ez: