Ezaugarrien esanguraz

Garizumaldiko ezaugarriak…
eta gehiago

Oharra

«Jaunaren Aurkezpena eta Aldi Nagusiak» izenburuagaz aurkeztu zan azkenengo topaketan Garizuma-Pazkoak aztertzen genduzan. Ba, Garizumako debozino egintzez zeozer esateko eskatzen jatan eta horretaraxe dator gaurko azalpen hau. Ea lortzen dodan argigarri izatea.

 

Ezaugarri batzuk (sinbolismoa)

Garizumea hautsa ezartzearen ezaugarriaz hasten gendula esaten genduan. «Gogoratu hautsa zarala eta hauts bihurtuko zarala» zan hautsa ezartzerakoan lehen erabilten zan esaldia; gaur egun beste hauxe erabilten da (bestea ere erabili daiteke): «Bihozbarritu zaitez eta sinistu Barri Ona».

Ezaugarri horrek behartsu garala, eta besteen beharra (batez ere Jainkoarena) dogula iragarriazoten deusku. Garizumaldia erabiliko da hori norberetzeko eta gizaki barri lez Pazkoa ospatzeko. Jainkoagana eta hurkoagana hurreratzeko ibilbidea izango da.

 

40 egun

40 eguneko aldia dogu Garizumea. Zenbaki sinbolikoa. Noeren aldietako 40 gau ta eguneko uriolea gogoratzen deusku; edo Moisesen eta Eliasen Horeb mendiko egotaldiak; edo Hebrearrak Egiptoarren esku jasandako 400 urteen morrontza; edo, gero, eremuan zehar Agindu Lurrera bidean igarotako 40 urteak; edo Jesusek eremuan egindako 40 eguneko baraua…

Zenbaki horrek, ba, gure aurrekoekaz lotzen gaitu. Gure sinismen-historia ez dala geugaz hasi eta amaitzen dinogu. Ezaugarria hareekaz lotzeko era bat dogu; Jainkoaren herria gaurkotzeko era bat. Horrexegaitik da garrantzi handikoa ezaugarriak euren esanguran erabiltea. Liturgiak emoten deusku horren esangurea eta taupadak.

 

Helburua

Garizumearen helburua Pazkoa da. Eremuan (basamortuan) dau hasierea (1. domekako ebanjelioa). Jainkoagazko topalekua da eremua. Isiltasuna, baraua eta norbere buruari uko egitea ditu lagun. Erabagi sendoa hartuta hasten da ibilbidea (Jesusena), gizaki barri izaterantza (geu). Hau, bizitza guztiko ibilbidea da.

Lehenengo domekeak eredu lez Jesus jarten badeusku, bigarren domekeak (sarrerako domekak dira lehenengo biok) Jesusi baino ez deutsagula entzun behar esango deusku.

 

Lehen hiru ezaugarriak

Hauts eguneko ebanjelioak hiru ezaugarri aitatzen deuskuz: limosna, otoitza eta baraua. Ona da euren esanguran sakontzea, eta baita mekanizista ustetik eta boluntarismotik urtetea ere. Egintzok bizitzan zehar lagundu behar deuskue. Ondorioak ez dira bat-batekoak; ez dira meritu-irabazgarriak, egun baten (heriotza ostean) saria izango dabenak (Egin dot nik: zer sari dagokit?). Egintzotan agertzen da Jainkoaren Espirituak badiharduala gugan lanean… Hori, eskertu beharrekoa da, ez meritu lez hartzekoa.

 

Limosna

Betirik euki dau kristau alkarteak bere eginbehar lez behartsuari laguntzea; behartsuak izan ditu erdiko. Limosna egitea, Jainkoari ondasunak eskertzea da, haren txikiak gogoan izatea; egintzetan Jainkoaren antzeko izatea, harek lez ezerezak ditulako gogoan limosna egiten dauanak. Limosna egiteaz ez da meriturik irabazten. Limosna egin ahal izatea bera da sari eta Jainkoari eskerrak emoteko bide.

Limosna egiteak ondasunetatik aske gagozala adierazoten dau, eta gauzatzen askatasun hori. Bestalde, ondasunak Jainkoaren dohai dirala iragarten dau, eta hari eskertzeko bide, zati bat behartsuekin banantzea dala.

 

Otoitza

Otoitzak Jainkoagazko hartu-emonetan jarten gaitu, ha ezagutzera eta maitatzera garoaz, eta gauza guztien iturri eta Jaun bera dala autortzera, eta guztiok gagozala bere menpe.

Beharrezko dogu Jainkoaren handitasuna autortzea, geure burua jarri gura ez badogu beste guztien gainetik, eta gure egintzei emon gura ez badeutsegu ez daben garrantzia; eta euretatik aske egon gura badogu.

Horrexek garoaz gizakion duintasunean bardintasuna autortze­ra, alkar errespetatzera eta aintzat hartzera, eta Jainkoa guztion Aita-Ama autortzera.

 

Baraua

Norbere barruan sartu eta norbere burua ezagutu ahal izateko tresna da baraua. Jan-edanetatik ez-eze, irunsten eta morroitzen gaituen inguru eta egintza guztietatik aldentzea bilatzen dau. Gure bizikereari neurritasuna emoten deutso eta larregikerietatik aldenduazotea lortzen dau.

 

Agindupean eta sariak

Hiru ezaugarriok (limosna, otoitza eta baraua), penitentzia era lez ulertuak izan dira eta dira izan. Kristau guzti dago bere bizitzan zehar penitentzia egitera horren ezjakinean bagagoz ere. Bakotxaren esku dago noiz, zelan eta zenbateko penitentzia egitea. Lagungarri lez, aspaldirik dago aginduta barikua (Jesus Jaunaren kurutzeko heriotzea gogoratzeko) penitentzia eguna izan daitela.

Horren inguruan aitatu behar dira barau eta haragi izte egunak eta bulak (eta induljentziak).

a) Aginduta dago urteko bariku guztiak izan daitezala penitentzia egunak. Hau, otoitzaz, haragi izteaz edo limosnaz beteteko aukerea dago. Bren-beregi Hauts eguna eta Bariku Santua doguz barau eta haragi izte egunak. Agindu horrek 14 urtetik gorakoak behartzen ditu; barau-aginduak 59 urtera arte.

b) Bulak. Era bitakoak ezagutu doguz: Kruzada Santukoa eta Haragi Bula. Bulak limosna egiteko era ziran. Horrek barau egin beharretik eta haragi iztetik askatzen zinduzan. Batzen zan dirua musulmanen kontrako burrukarako erabilia zan, gerorantza Eleizearen beharrizanetarako erabiltzen bazan ere.

Baegoan aparteko haragi bula bat arraina lortzerik ez eben lurraldetarako. Bula hori ordainduta haragi iztetik askatuta egozan.

Sari lez, pekatuen parkamena agintzen zan (induljentziak).

 

Laburpen lez

Inguru-sinismenean bizi danak beharrezko ditu ubideak, euretatik urten barik ondo ibilteko eta ondo doala jakiteko. Horixe dira arauak, legeak eta ohiturak, talde batek jarraitzen dituanak, eta taldeari sendotasuna, batasuna eta nortasuna emoten deutsoenak.

Baina, ubiderik ez dala behar uste dabenak sortzen diranean taldean, hori morrontzan bizi izatea litzatekela-ta, orduan sortzen dira arazoak, ezbaiak, ziurtasunik eza…

Une horretantxe gagoz gaur egun. Horrexegaitik dogu beharrezko norbere erabagia eta ezaugarrien esanguraz eta balioaz jabetzea, aginduta egotetik harago.

Nahi dot gizaki barri izaterantza abiatu? Nahi dot berbiztu lez bizi izan? Nahi dot taldeko harri bizi izan eta besteentzako adore emoile?

Garizumako Aldi Nagusia dot Grazia Aldia. Jainkoaren Berbea dot iturri bizi. Otoitzak lagunduko deust, eta egintzetan antz emongo deutsat nigan badiharduala Jainkoaren Espirituak. Horrexen balioa dauke egintza eta ezaugarri guztiok.

 

Egin daigun, ba, ihes, egintza-ezaugarrioz zerua irabazteko ahaleginetik, edo infernua saihestekotik. Erabili daiguzan Jainkoari gure esker ona iragarteko bide lez.

 

 

iruzkinik ez: